Lankidetza eta kooperazioa, 4.0 industriara jauzi egiteko ardatzak
27/02/2020
4.0 erakundeak – Teknologiatik haratago jardunaldia hasi da gaur osteguna, otsailak 27, Izarra Centren. Ermuko Udalak antolatu du ekitaldia, Innpulso Sarearekin batera, eta pertsonek laugarren industria-iraultzak (4.0) dakarren trantsiziora egokitzeko dituzten gaitasunak eta beharrak ditu ardatz. Era berean, aldaketa horrek pertsonengan duen eragina neurtu nahi da, aurrerapen teknologikoak hartzeari dagokionez.
09:30ean hasi da jardunaldia erakundeen ongietorria eginez. Bertan izan dira Innpulso Sareko presidente eta Ermuko alkatea, Juan Carlos Abascal, Teresa Riesgo Berrikuntzako Espainiako Idazkari Nagusia, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Foru Diputatua, eta Mikel Amundarain Eusko Jaurlaritzako Industria Garapeneko zuzendaria.
Minutu batzuk lehenago, Juan Carlos Abascalek prentsaurrekoari ekin dio. Bertaratu direnei eta ekitaldiari hasiera eman dioten ordezkariei eskerrak emanez hasi du bere hizketaldia, erakundeen arteko lankidetzagatik eta kooperazioagatik. Ermuko alkateak azaldu duenez, teknologia “ekonomia zirkularra, hondakinen kudeaketa edota zahartzea bezalako gizarte erronkei aurre egiteko tresna garrantzitsua” da, baina garrantzitsuena “pertsonak” direla azpimarratu du. “Dugun onena eskainiz, gizarte eraginkorragoa eta berdintasunezkoagoa eraikiko dugu, eta horixe izango da Administrazio Publikoaren erronka nagusia”.
Teresa Laespaga Enpleguko Foru Diputatuak adierazi du gizartean aurre egiteko beharrezkoa dela “lankidetzan aritzea eta sareak osatzea”, betiere “hiritarren bizi kalitateari begira”. “Teknologiak pertsonen bizitza duintzen laguntzen du eta bidea errazten du, eta bidezko trantsizioa egin behar dugu 4.0 industriarantz”, azaldu du.
Mikel Amundarain Eusko Jaurlaritzako Industria Garapeneko zuzendariak 4.0 industria “Euskadirentzat erronka handia” izango dela azpimarratu du, ekonomian eta enpleguan duen indarra dela eta. Abascalen haritik, paradigma aldaketa honetan pertsonek izango duten garrantziaz mintzatu da Amundarain: “egiteko, antolatzeko eta elkarren artean harremantzeko moduak aldatu arren, pertsonak dira ardatza”. “Askok jada hasi dute 4.0 industriara bidea, eta guztion artean, elkarrekin eman behar ditugu pausoak”, zehaztu du.
Teresa Riesgo Estatuko Berrikuntza Idazkariak berrikuntza hitzaren definizio zehatz batean sakondu nahi izan du; horren arabera, “berrikuntza ezagutzatik dator, baina ez beti zientziari lotuta, eta gainera balioa sortzen du, baina ez beti ekonomikoa soilik”. “Erakundeek beste parametro batzuen arabera egin behar dituzte ebaluazioak, adierazle ekonomikoez gain beste hainbat datu behar baitira”, azaldu du. Riesgoren hitzetan, 4.0 industriara jauzi egiteko, “tokiko administrazioen arteko lankidetza berebizikoa da, herritarrei entzunez”.
Goiz osoan zehar, erakundeetako ordezkariek eta 4.0 ekosistemarekin eta enpresen digitalizazioarekin lotutako adituek parte hartuko dute topaketan, hitzaldi-bloke, mahai-inguru eta lan-dinamika ezberdinetan banatuta. Helburu nagusia pertsonek 4.0 mundura egokitzeko duten gaitasunari eta trantsizio horren eta aurrerapen teknologikoak hartzearen eraginari buruzko esperientziak partekatzea da.