Enpresa-kudeaketako ikastaroa ekintzaileentzat
16/01/2024
Ermuko Udalak Ekintzaileentzako Enpresa Kudeaketa ikastaroaren edizio berri bat antolatu du, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean.
Ikastaroak 30 orduko iraupena du, eta otsailaren 19tik 28ra emango da Izarra Centre eraikineko D aretoan, 09:00etatik 13:00etara. Prestakuntza honetan parte hartzen duten ekintzaileek oinarrizko ezagutzak lortuko dituzte enpresa-plan bat eta nahitaezko azterketa ekonomiko-finantzarioa egin ahal izateko. Gainera, aholkularitza-orduak izango dituzte, banaka zein taldeka.
Urtero bezala, prestakuntzan Elkar-lan kooperatibak sustatzeko sozietateak eta Izarra Centren kokatutako enpresa batzuek parte hartuko dute, sustatzaile-ekintzaile gisa beren esperientzia partekatu baitezakete.
Ikastaroa gainditu ondoren, parte-hartzaileek Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailak eskainitako 5.000 eurorainoko dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte, 2024ko ekitaldian ekimen ekintzaileak sustatzeko dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituen dekretuaren esparruan.
Aldundiaren diru-laguntzak norgehiagoka bidez eta erakundeak ezartzen dituen parametroen arabera esleituko dira.
Prestakuntzan parte hartu ahal izateko, nahitaezkoa da Bizkaiko udalerriren batean erroldatuta egotea eta langabezian egotea autonomo gisa alta eman aurretik. Gainera, ikastaroak gutxienez 8 parte-hartzaile eta gehienez 15 izan beharko ditu.
Alta emateko epea otsailaren 12an amaituko da. Izen-ematea pe@udalermua.net helbide elektronikora idatziz edo formulario hau betez https://forms.office.com/e/vws1LycxL4 egin beharko da. Plazak izen-ematearen hurrenkeraren arabera beteko dira.
Ermuko Udaleko Ekonomiaren Garapen Sailak jarduera ekonomiko berriak martxan jartzen laguntzen jarraitzen du. Beharrezko azpiegitura izateaz gain (bulegoak, bilera-aretoak), ekimenaren egoerara egokitzen diren zerbitzuak, hasierako laguntza, prestakuntza, mentoring, networking eta abar jartzen ditu ekintzaileen eskura. Ekosistema oso bat da, eta enpresaren ekintzailetza, hazkundea eta sendotzea ditu helburu.