Izarra Centrek datu-zentroa izango du Bizkaiko ETE industrialen digitalizazioa bultzatzeko
30/10/2025
Izarra Centren kokatuko da eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Ermuko Udalak eta Izarra Fundazioak 896.415 euroko inbertsioa egingo dute guztira, horrek enpresei aukera emango die datuak modu seguru eta eraginkorrean partekatzeko eta aprobetxatzeko
Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmena sinatu du Ermuko Udalarekin eta Izarra Fundazioarekin, Izarra Centren lurraldeko ETE industrialentzako datu-gune berria jartzeko, azpiegitura digital partekatu, elkarren eragingarri eta segurua, lurraldeko enpresa txiki eta ertainek datuaren ekonomiarantz aurrera egin ahal izateko. Proiektuak 896.415 euroko inbertsioa izango du guztira, Aldundiak 467.500 euroko jarriko ditu; gainerakoa Udalak eta Fundazioak jarriko dutelarik.
Ermuko alkate Beatriz Gamizek oso modu positiboan baloratu du akordioa, azpiegitura horrek tokiko eta eskualdeko ekonomian izango duen eragin eraldatzailea azpimarratuz: “Ermua Bizkaiko industria-berrikuntzaren mapan kokatzen da beste behin. Garapen ekonomiko adimendunaren aldeko apustu irmoa egiten dugu, teknologia, lankidetza eta jasangarritasuna uztartuko dituena, gure ETEei eta gure herritarrei aukera berriak eskaintzeko”.
Proiektu honen lehen harria 2026an jarriko da, Debabarreneko Eskualdeko Plan Estrategikoan (IHP) hartutako konpromisoei erantzunez. Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta eskualdeko udal guztiek (Eibar, Deba, Elgoibar, Solaruze, Mutriku, Mendaro, Ermua eta Mallabia) sustatzen duten lurraldeko industria eta ekonomia suspertzeko lehentasunezko jarduketa-eremua da plan hori.
Bizkaiko ETE industrialentzako datu-gune honen helburua da industria-enpresen, administrazioen eta berrikuntza-ekosistemako eragileen artean datuak modu seguru, kontrolatu eta trazagarrian ustiatzeko eta partekatzeko ingurune federatua diseinatu, hedatu eta finkatzea.
Plataforma horri esker, enpresek, batez ere ETEek, banaka garatu ezin dituzten zerbitzu eta gaitasunak eskuratu ahal izango dituzte, produktibitatea hobetzen, industria-prozesuak optimizatzen, energia aurrezten eta datuetan oinarritutako negozio-eredu berriak sortzen lagunduz.
“Datuen gune hau ez da digitalizazioaren aldeko apustu hutsa: enpresa txiki eta ertainentzako aukera-berdintasunerako tresna izango da. Teknologiarako sarbidea demokratizatzeko eta iraultza digitalean inor atzean gera ez dadin bermatzeko modu bat“, gaineratu du alkateak.
Ermuko Udala eta Izarra Fundazioa, zentroaren operadorea eta kudeatzailea izango
Ermuko Udala datu-gunearen operadorea izango da, eta azpiegitura komuna eta gobernantza-eredua koordinatzeaz arduratuko da; Izarra Fundazioak, berriz, instantzia zentrala kudeatuko du, oinarrizko plataforma garatuko eta erabilera-kasuak gauzatuko ditu, besteak beste, mantentze prediktiboan, energia-efizientzian edo industria-trazabilitatean.
Proiektua IoT Basque Izarra Lab berrikuntza teknologikoko laborategiaren aurretiazko esperientzian oinarritzen da. Laborategi hori bi erakundeek sustatu dute, eta espazio berri horretarako kontzeptu-oinarri eta aurre figurazio-ingurune gisa erabili da.
Ekimena bat dator Bizkaiko Foru Aldundiak industria-sarearen lehiakortasun jasangarria indartzeko duen estrategiarekin, digitalizazioaren, teknologia aurreratuen ezarpenaren eta lankidetza publiko-pribatuaren bidez. Era berean, eskualdeko garapen-estrategiaren parte da, proiektu estrategikoak bultzatuz.
